Larrain dantza Nafarroako erdialdean eta behe mendietan oso hedatua dagoen dantza ziklo koreografiko bat da, leku ezberdinetan bariante ezberdinak aurkezten dituena, beti ere ezaugarri komun batzuk gordez, adibidez neska eta mutilen arteko dantza herrikoia izatea, plaza ingurukoa eta gaita eta danborraren soinuaren laguntzaz dantzatua izatea. Bertsiorik ezagunenak Arbizukoa eta Lizarrakoa dira, azken hau izanik jarraian azaltzen dena, bertsiorik hedatuena eta esanguratsuena.
Larrain Dantza herri guztietako jaietako dantza oso ezagun bihurtu da gaur egun, erromeria guztietan dantzatu beharrekoa eta Euskal Herriaren nortasunaren erakusle garrantzitsua.
Larrain dantza Gaztedira Iruñeko Duguna taldearen eskutik heldu zen eta 1961eko maiatzaren 11n dantzatu zen lehenengoz Bilboko Garellanon. Beranduago 1978.ean Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako Iruñeko Dantzari Eguna zela eta Lizarrako dantzarien eskutik burutu ziren irakaspenak jaso ondoren Lizarrako benetako bertsioa ikasi egin zen. Urtebete beranduago, 1979an. Lizarrako LARRAITZA taldearen eskutik dantza hau hobetzeko ikastaroak jaso ziren.
Larrain dantzaren jatorria, dantza herrikoi askorena bezala, ezezaguna da. Lizarrako Hilario Olazaran folkloristaren esanetan adibidez, dantza hau Nafarroako Erreinu Zaharrean dantzatzen zen, nahiz eta hau ez den guztiz frogatua gelditu. Edozein modutan antzinatik ezagutzen den dantza da, kultura herrikoian guztiz sustraitua dagoena.
Antzinatik herriko jendeak aukeratzen zituen etxezainak garia jotzeko aldian dantzak hasteko betebehar eta aldi berean ohorea zuen, hemendik hartuz dantzaren izena.
Dantzaren historiari dagokionez, azpimarratu beharra dago XX. mende hasieran oso dantza ezaguna izan zela, baina 20. hamarkadaren erdialderantz beherakada bat jasan zuela. 1933 urtean Olazaranek eta Lizarrako dantzari eta gaita-joleek dantza hau berreskuratu eta berriz ere ezagutzera eman zuten Virgen del Puyren egunerako. Beranduago Gerra Zibilera eraman zuen altxamendu militarrak ekarri zuen errejimenak dantza honen aurkako erasoak burutu zituen, diktaduraren lehenengo urteetan errepresio gogorra jasanez. Hala ere, 1944 urtean, berriz ere agertu zen, Lizarrako udalaren babesarekin eta Lizarrako gaita joleen eskutik, batez ere Lizarrako Elizaga gaita joleen sagaren eskutik. Dantza honek jasan zuen errepresioa zela eta dantza hau leku guztietara modu oso desberdinetan hedatu zen, leku oso desberdinetako dantza talde askok ikasi zutelarik dantza beraren aldagai ugari sortuz. 1978 urtean Iruñean burutu zen Dantzari Eguna zela eta Euskal Dantzarien Biltzarrak Lizarrako dantzariek zuzendutako bateratze prozesu bat hasi zuen.
Larrain dantza, lehenago esan den bezala, dantza ziklo bat da, hurrengo zatiak bereiz daitezkeelarik:
–Sarrera: Mutilak aukeratu duen neska dantzara gonbidatzen du berak daraman zapiaren punta eskainiz. Neskak zapia hartzen badu gonbidapena onartu duela esan nahi du, dantzari hasiera emanez.
–Kalejira edo Katea: Dantzariek bikoteka zirkuluak irudikatuz dantzatzen dute, martxa geldituz zubiaren figura burutzeko.
-Fandango: Bi zati bereiz daitezke. Lehenengoan jota oso azkar bat burutzen da, eta bigarrenean, koplari dagokiona, erritmoa geldotzen da neskak mutilaren sorbalda hartzen duelarik.
–Vals: Dantza hau besteak baino beranduago ezarri zen koreografian, Anselmo Elizagaren eskutik 1913an.
–Jota zaharra: Hiru zatitan burutzen da, tartean paseo bat burutuz bikoteak bi lerrotan jarrita daudelarik.
–Bolerak: Aurrekoa bezala hiru zatitan burutzen tartean bikoteek lerroak aldatzen dituztelarik.
–Kalejira: Bikoteak eskutik helduta doaz martxan, dantzaren zatirik alaienetakoa osotuz, ez musikaren alaitasunagatik soilik, baizik eta dantzarien irrintzi eta oihuengatik ere bai. Gaita joleak erritmoa azkartuz doaz kalejira aurrerantz doan heinean dantzarekin jarraitzea ezinezkoa egiten den arte, beroni amaiera emanez.
Aurretik aurkeztutako dantza ia aldaketarik gabe mantendu da (azalpenean aipatutako valsa adibidez) 1903.etik. Urte honetan Demetrio Romanok, Julian Romano gaita jole ospetsuaren semeak, Lizarran bertan burutu zen erret bisitagatik eskainiko zen ekitaldi handiaren ardura hartu zuen, une garrantzitsu honetarako dantza hau azaltzen zuen orri bat argitaratu zuten, ondoren etorkizuneko garapenerako erreferentzia bilakatuz.
Dantza herrikoia izanik, dantzariek, neskek zein mutilek erabiltzen duten janzkera guztiz aldakorra da, denboran zehar eta lekuaren arabera jantzi guztiz ezberdinak erabili izan direlarik eta erabiltzen direlarik
Prestatzen ari gara…
Partiturak:
LarrainDantza katea + fandango
LarrainDantza-Fandangoaren bariazioak
Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.
Share On